Ipar Kosovo
Ipar Kosovo | |
---|---|
Txantiloi:Herrialde info Serbia, Kosovo | |
Administrazioa | |
Izen ofiziala | Северно Косово / Severno Kosovo Kosova Veriore |
Hiriburua | Mitrovica |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°06′14″N 20°48′10″E / 43.1039°N 20.8028°E |
Azalera | 1,007 km² |
Demografia | |
Biztanleria | 79.910 |
Dentsitatea | 79.354,52 bizt/km² |
Hizkuntza ofiziala | serbiera eta albaniera |
Ordu eremua | UTC+01:00 |
Ipar Kosovo (serbieraz: Северно Косово/Severno Kosovo; albanieraz: Kosova Veriore), gehiengo etnikoki serbiarra duen Kosovoko eskualde bat da, lau udalerrik osatua: Iparraldeko Mitrovica, Leposavić, Zvečan eta Zubin Potok. Ibarski Kolašin izenarekin ere ezaguna (Serbieraz zirilikoz: Ибарски Колашин; albanieraz: Koloshini i Ibrit).
Praktikan, Kosovoko gobernu independenteak kontrolatzen ez duen eskualdea da. Aginte burujabe autonomo bat dago Ipar Kosovon bertako serbiarrek osatua, Kosovoren independentzia aldarrikapenetik (2008). Aginte-erakunde horrek izen hau du serbiarrek emana: Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoko Udalerrien Erkidego Biltzarra (serbieraz: Скупштина Заједнице општина Аутономне Покрајине Косово и Метохија, Skupština Zajednice opština Autonomne Pokrajine Kosovo i Metohija).
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kosovoren iparraldean egonik, mugakide da eskualdea Serbiarekin, eta horrek erraztu egiten du bertako serbiarrek burujabetza izatea, praktikan Serbiarekin lurreko garraiobide eta konexio zuzenak baitituzte.
Herri hauek osatzen dute Ipar Kosovo:
Udalerriak | Barrutia | Azalera (km2) | Biztanleria |
---|---|---|---|
Iparraldeko Mitrovica | Mitrovica | 11 | 29.460 |
Leposavić | 539 | 18.600 | |
Zvečan | 122 | 16.650 | |
Zubin Potok | 335 | 15.200 | |
Guztira | 1.007 | 79.910 |
Hiriburua Iparraldeko Mitrovica da, Kosovoko Gerrak eta ondorengo independentzia prozesuak sorrarazi duen hiri edo entitate bereizia. Izatez, Mitrovica hiri zaharra guztiz zatitu zuten gerrak eta indeoendentziak. Ibar ibaiaren hegoaldera geratu den hiriaren zatia albianarren kontrolpeko Kosovon dago, eta Ipar Mitrovica, serbiarren esku, Ipar Kosovo praktikan burujabearen kontrolpean dago. Ibar ibaia zeharkatzeko hirian dauden zubiak, kontrol polizialekin zaindutako mugak dira praktikan.
Kosovoko serbiarren %60 bizi dira Ipar Kosovon, gutxi gora-behera. Ipar Kosovon, bestalde, gehienak serbiarrak dira (70.300, %88), eta %9 albaniarrak (6.970), bosniar musulmanak eta beste batzuk %2 dira. 2015eko datuak dira hauek.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kosovoko Gerra amaitu zenean, 1999an, eskualde hau gerra irabazi zuten indar albaniar independentisten kontroletik kanpo geratu zen.
2008ko maiatzean Serbian udal hauteskundeak izan ziren, eta Ipar Kosovon ere egin egin ziten hauteskunde horiek. Hautatutako agintariek osatu zuten Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoko Udalerrien Erkidego Biltzarra. Izenaren bigarren parteak adierazten du, bertako serbiarren aburuz Kosovo osoa "probintzia autonomoa" dela, Serbia zaharraren parte, beraz.
Udalerrien Erkidego Biltzar horrek Serbiaren ezagupena bakarrik izan zuen 2008-2013 urteen artean.
Bruselako akordioen ondoren
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013an, Bruselako Akordioa izenpetu zen Kosovoko eta Serbiako gobernuen artean (Europako Batasunak sustatu zuen akordioa, baina ez du erakunde honen izenperik), eta horren arabera, Udalerrien Erkidego Biltzarra ofizialki ezagutzeari utzi zion Serbiak[1].
Akordioaren ondorioz, Ipar Kosovo beste egitura batean integratzekoa zen, Serbiar Udalerrien Erkidegoa osatu behar zen[2]. Izenak oso antzekoak dira, Udalerrien Erkidego-Biltzarra bata, eta Serbiar Udalerrien Erkidegoa bestea; baina oso desberdinak dira adierazten dutena izatez. Lehena de facto eratutako eskualde sezesionista bat da, eta bigarrena Kosovoko gobernuaren azpikoa izan behar zuen egitura bat.
Bigarren egitura horretan (Serbiar Udalerrien Erkidegoan, alegia), Ipar Kosovok bat egin beharko zuen Kosovoko beste eskualde batzuetan gehiengo serbiarra duten udalerri batzuekin. Hala ere, Erkidego berri hori ez da praktikan gauzatu, eta Ipar Kosovon serbiarrek burujabe jarraitzen dute, Pristina Kosovoko hiriburuan dagoen agintetik at. Beste serbiar udalerrietan ere ez da egitura berria eratu.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdearen ekonomia oso desegituratua geratu zen Kosovoko Gerraren ondorioz, eta ez da praktikan asko zuzendu. Eskualdeko aberastasun nagusia Trepča-ko mehategiak ziren (4.000 lagunentzako lanpostuak zeuden bertan), baina gerra garaian itxi egin ziren, eta gerora ez zen onartu berriz irekitzea, ingurugiro kalteengatik.
Eskualdean serbiar dinarra erabiltzen da, eta ez Kosovon moneta ofiziala den euroa.
Ipar Kosovoko elektrizitate kontsumoa eta Europako erlojuen atzerapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2018an, eskualdearen energia kontsumoak eragindako arazo bitxi baten berri jakin izan zen: Europako sare elektrikora lotutako elektragailuen erlojuak sei minutuz atzeratu ziren 2018ko lehen hiruhilekoan[3]. Arazoaren jatorrian zera dago: Kosovo independenteko sare elektrikoaren ardura duen erakundeak, KOSTT delakoak, utzi egin zion Ipar Kosovoko argindarraren kostuak asumitzeari, eskualde horretatik ordainketarik egin ez zitzaiola argudiatuta. Ondorioz, 113 gigawatt-orduko energia multzo baten ordainketa dantzan geratu da Serbairen eta Kosovoren artean, eta horrek Europako sare elektrikoetan desorekak eragin ditu. Sarearen frekuentzia normala, 50 Hertz-ekoa (Hz) to 49.996 Hz-tara jaitsi da, eta horrek erlojuen atzerapena eragin du, elektragailu askok sarearen frekuentziaren erregulartasuna erabiltzen dutelako bere barne erlojuen zikloak zenbatu eta doitzeko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Bruselas recomienda negociar la adhesión de Serbia tras el acuerdo sobre Kosovo - RTVE.es» RTVE.es 2013-04-22 (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
- ↑ (Ingelesez) «Community of Serb Municipalities in Kosovo to be formed | InSerbia Today» inserbia.info (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
- ↑ «Kosovo finds temporary fix for energy glitch slowing Europe's clocks» Reuters Tue Mar 13 18:07:43 UTC 2018 (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).