Edukira joan

Banku

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau finantza erakundeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Banku (argipena)».
Ingalaterrako Bankua

Banku bat mailegu jarduerak eta diru jasotze jarduerak burutzen dituen finantza-erakunde bat da, eta bere funtzio nagusia dirua kudeatzea da. Bankuen erabiltzaileak pertsona fisiko eta juridikoak dira eta hauek bankuetako kontuetan dirua gordetzen dute eta batzuetan gerta liteke haien aldeko interesak ematea[1].

Bestalde, zenbait bezerok maileguak eskatzen dituzte eta mailegua jasotzean, honen interesak ordaindu behar dizkiote bankuari. Izan ere, bankuen helburu nagusietako bat finantza bitartekari gisa egiten dituzten eragiketetatik errentagarritasuna lortzea da.[2]

Bankuen historia Mesopotamiako merkatariek sortu zuten lehenengo banku prototipoarekin. Jatorria kristo aurreko XX. mendearen inguruan ezartzen da, Fenizia, Asiria eta Babilonia hirietan ondasunak garraiatzen zituzten nekazari eta merkatarien artean ale maileguak egiten zituztenean. Aurrerago, Antzinako Grezian eta Erromatar Inperioan, mailegu emaileek jesapenak egiten zituzten eta bi berrikuntza gehitu zituzten, gordailuen onartzea eta diru-trukea.  

Urte batzuk igaro ziren, egun, banku moderno gisa ezagutzen den banku eredua errotzen hasi zen arte. Italiako iparraldeko hiri aberatsetan eman zen, alegia, Florentzia, Venezia eta Genovan erdi aroaren amaierarekin eta errenazimenduaren garaiarekin bat eginez.

Bankuen garapena Italiako iparraldetik Europa osora hedatu zen eta berrikuntzak eman ziren XVI. mendean Amsterdamen, Herbehereetako Errepublikan eta Londresen. Gainera, XX. mendean zehar, telekomunikazio eta informatikaren esparruan eman ziren aurrerapenak funtsezko aldaketak ekarri zituen sektore honetan ere, garai hartako tamaina eta irismen geografikoa handituz.[3]

Lehen Euskal Bankuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal banku-erakunderik zaharrena Banco de Bilbao izan zen. 1857an sortu zen, eta Bilboko lehen garapen industrialerako behar ziren kapitalak mobilizatzen lagundu zuen. Hasieran, Bizkaian billeteak jaulkitzeko ahalmena zuen.

Geroago beste jaulkipen-banku batzuk sortu ziren 1856ko Bankuen Legearen babespean, hark banku bat baimendu baitzuen probintzia bakoitzeko: Donostian (1862) Iruñean (1864) eta Gasteizen (1864). 1874an, Iruñeko, Gasteizko eta Donostiako bankuek Espainiako Bankuaren filial bihurtzea erabaki zuten, baina Banco de Bilbao bere independentziari eutsi zion.

1898ko krisiaren ondoren, beste banku-erakunde batzuk sortu ziren. 1899an Banco Guipuzcoano soru zen; 1900ean, Banco de Vitoria; 1901ean Crédito de la Unión Minera eta Banco de Vizcaya.

Bankuak bi modu ezberdinetan sailkatu daitezke, jardueraren arabera edo jabetzaren arabera.

Jardueraren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Banku zentralak: herrialde bateko finantza-sistemaren funtzionamendua zuzentzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen dira. Bere funtzioen artean, herrialde bakoitzean zirkulazioan dauden billete eta txanponak jaulkitzen dituzte, moneta politikak ezartzen dituzte eta herrialdeko erreserbak mantentzeaz arduratzen dira.
  • Banku komertzialak: banku bateko bezeroak eskatzen dituzten eragiketa guztiak eskaintzen dituzten erakundeak dira. Gordailuak erakartzea, dirua mailegatzea, kontu korronteak mantentzen edo eragiketa finantzarioak egitea.
  • Inbertsio Bankuak: Partikularrei zein enpresei inbertsio-produktuak eskaintzen dizkieten bankuak dira.
  • Banku korporatiboak: Erakunde hauen jarduera enpresetara zuzenduta dago. Banku hauek produktu jakin batzuk eskaintzen dizkiete bezeroei, jarduera aurrera atera dezaten.
  • Banka pribatua: kapital kantitate handien jabe diren pertsonen kudeaketan zentratzen diren bankuak dira.
  • Kontsumo bankuak: pertsonentzat bakarrik zuzenduta dauden bankuak dira, eta horregatik, eskaintzen dituzten produktuak, kontu korrontetara, kreditu txarteletara eta kontsumo kredituetara mugatzen dira.
  • Aurrezki kutxak: Izaera sozial soil bat duten irabazi asmorik gabeko erakundeak dira eta inbertitzaile txikiek aurrezkiari laguntzea dute helburu.
  • Hipoteka Bankuak: Maileguak ematea helburu duten bankuak dira.
  • Diruzaintza bankuak: Enpresen artean egiten diren eta kapital ekarpen garrantzitsua suposatzen duten eragiketan laguntza ematea dute helburu.[4]

Jabetzaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Banku publikoak: Herrialde bakoitzeko Estatuak kapitala jartzen du banku hauetan eta akziodunak kontrolatzen ditu (Espainiako Bankua eta Europako Banku Zentrala).
  • Banku pribatuak: Autonomiaz lan egiten duten erakundeak dira, kapitala atzerriko zein bertako akziodun partikularrek ematen dute.
  • Banku mistoak: Erakunde hauek estatuaren zein kapital pribatuaren ekarpenekin eratzen dira[4]

Banku zentrala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiaren kasuan, beharrezkoa izan zen Espainiako Bankuaren Autonomia Legea aldatzea, bai, Europako Banku Zentralak euroaren eremuko moneta politikaren definizioan eta truke-tasaren politikan dituen ahalmenetan duen ahalmena jasotzeko, bai eta Europar Batasunaren Tratatuaren xedapenetara, Banku Zentralaren Europako Sistemaren (EBZES) estatutuetara eta EBZak emandako jarraibideetara egokitzeko.[5]

Espainiako Bankuaren funtzioak Europako Banku Zentraleko kide gisa:

1999eko urtarrilaren 1etik, Europako Banku Zentralen Sistemak garatzen dituen hurrengo oinarrizko funtzioetan parte hartzen du:

  • Moneta politikak definitu eta gauzatu
  • Dibisak aldatzeko eragiketak egitea
  • Ordainketa sistemaren funtzionamendu egokia sustatzea
  • Billeteak jaulkitzea

Espainiako Bankuak, Autonomia Legearen arabera, hurrengo funtzioak ditu nazioko banku zentral gisa:

  • Dibisa erreserbak eduki eta kudeatzea
  • Finantza-sistemaren funtzionamendu ona eta egonkorra sustatzea
  • Kaudimena gainbegiratzea
  • Txanponak zirkulazioan jartzea
  • Estatistikak egin eta argitaratzea
  • Diruzaintza zerbitzua ematea
  • Gobernua aholkatzea.

Espainiako Banku Zentralak duen antolakuntza. Espainiako Bankuaren Autonomia Legearen arabera ematen da, organo nagusiak hurrengoak izanik:

  • Gobernadorea
  • Gobernadore ordea
  • Gobernu kontseilua
  • Batzorde betearazlea

Espainiako Bankuak Madrilen du egoitza nagusia eta 15 sukurtsal ditu lurralde osoan zehar banatuta.

Europako Banku Zentrala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europako Banku Zentrala, Frankfurt

Europako Banku Zentrala (EBZ) nortasun juridikoa duen nazioz gaindiko erakundea da, Frankfurten sortu zen 1998ko ekainaren 1ean. EBZ gune gisa, Europako Banku Zentralaren Sistemaren eta Eurosistemaren erakunde koordinatzailea sortu zen.

1999ko urtarrilaren 1etik aurrera, zonaldeko diru politika gauzatzeaz arduratzen da. EBZaren helburu nagusia, prezioen egonkortasunari eustea da, hau da, euroaren balioari eustea. Horrela, hazkunde ekonomiko egonkorra eta enplegua sortzea. Horretarako, Banku Zentrala Nazionalekin batera, lan egiten du. Koordinazio mekanismoak ere badaude munduko Banku Zentral nagusian, hain zuzen, helburuak ezartzeko eta, kanbio-tasen arteko mugimendu zakarrak zuzendu ahal izateko. Europar Banku Zentralak parte hartzen du euroaren eta dolarraren, liberalen edo beste moneta batzuek arteko parekotasuna mantentzeko.

Bestalde, Eurosistema osatzen duten Banku Zentral Nazionalek Europako Banku Zentralak ezarritako helburuak lortzeko ezarritako neurrietara mugatzea du helburu. Beren arloetan ere modu autonomoan jardun dezakete.[5]

Banka elektronikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diruak bidai luzea egin du, milaka urte lehenagotik. Normalean onartzen den ordainbide bat izatea lortu du, garraiatzeko erraza, faltsifikatzeko zaila eta konfiantza sortzen duena. Denbora horretan, formaz aldatu da garai bakoitzeko biztanleriaren beharrei erantzuteko. Hori dela eta iraultza teknologiko batean dirua beste behin aldatu da ,erabat digitalizatzeko.

Itxura guztien arabera, urteek aurrera egin ahala, gero eta apustu handiagoa egiten da sistema digitalen alde, billeteen eta txanponen kaltetan. Kreditu txartela eta, azkenaldian, kontakturik gabeko ordainketak gailu adimendunen bidez hedatu ondoren ikus daiteke hori. Konfinamenduak ordainbide elektronikoetara egokitzeko bizkortu du. Gaur egun, teknologia desberdinak ditugu txartel edo telefono mugikor baten bidez kontakturik gabe ordaintzeko. Dagoeneko ezagutzen ditugun ordainbide digitalen erabilera sendotzeko ez ezik, etorkizunean beste teknologia batzuk bultzatu dituzten oinarriak finkatzeko ere bada.

Ordainketa elektronikoek egiten diren eragiketen gaineko kontrola ere handitzen dute, erabiltzailearen pribatutasuna alde batera utzi gabe. Egungo teknologiak ez du gastuen gaineko kontrol ahalmenik kentzen, eta gainera, biderkatu egiten da. Uneoro jakin daiteke non erosi den eta nola zatitzen den norberaren gastua.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Grudemi, Editorial. (2021-10-28). «Banco - ¿Qué es?, características, tipos, +10 ejemplos y más» Enciclopedia Económica (Noiz kontsultatua: 2022-12-05).
  2. (Gaztelaniaz) Galán, Javier Sánchez. «Banco» Economipedia (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  3. Galabert Macià, Marc. (2019-02). «Mercado libre de divisas y ventaja competitiva de la banca andorrana, 1945-1998» Investigaciones de Historia Económica 15 (1): 47–61.  doi:10.1016/j.ihe.2017.07.001. ISSN 1698-6989. (Noiz kontsultatua: 2022-12-05).
  4. a b Diego, Carme. (2014-06-16). «Tipos de bancos | Clasificación» Economía Simple (Noiz kontsultatua: 2022-12-05).
  5. a b «Banco de España - Sobre el Banco» www.bde.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-05).
  6. (Gaztelaniaz) «¿Es hora de despedirse del dinero en efectivo?» El Blog de CaixaBank 2020-09-28 (Noiz kontsultatua: 2022-12-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  翻译: